Argi dago langileriaren borroken aurkako errepresioa estatu burgesaren lanaren zati bat dela, haren aurrerapenak geldiarazteko, beldurraren bidez agortzeko, edo bide instituzionaletan txertatzeko, potentziala kentzeko eta gatazka bakoitza langileriaren zati txiki batera mugatzeko xedearekin. Errepresio horren helburua, eraso zuzenen, atxiloketen, hedabideetako gezurren zein epaiketa zuzenen bidez, indarkeriaren monopolioari eustea eta ekoizpen kapitalistaren bermatzaile izaten jarraitzea da. Hau dena, gero eta pobretuagoa den eta eskubide gutxiago dituen langileriak jasaten du, are gehiago bizi dugun krisi-garaian. Azken aste hauetan, lan-borroka desberdinen aurkako eraso errepresibo berriak bizitzen ari gara; adibidez, Petronor eta Tubacex-eko grebetan, Ertzaintzaren erasoak eta atxiloketetak jasan behar izan dituzte; metaleko greban parte hartzeagatik, 7 kide epaituak izan dira; eta Langile Autodefentsa Sarearen kontra emandako errepresioa. Hauek, jazarpen sistematiko honen adibide txiki bat dira. Lan-borroken kontrako indarkeria hori estatuak langile-klaseari egiten dizkion erasoen gorakadari dagokio. Hala nola, azken urteotan areagotu egin den etxebizitzaren problematika eta kaleetan ematen den errepresio arrazista.

Hori salatzen jarraitu behar dugu, eta elkartasuna eta klase-batasuna sustatuko dituen erantzuna antolatzen, hura geldiaraztea lortuko duen indarra lortzeko. Hortik harago, jakin behar dugu errepresioa ez dela kasualitatea, ezta gertakari isolatua ere, baizik eta klase desjabetuaren eta kapitalisten artean sortzen den benetako gatazkaren ondorioa. Estatu burgesa da legea egiten duena eta, beraz, mugak ezartzen dituena aldaketa sakonak ez gertatzeko eta betiko porrotera kondenatzen jarraitzeko. Hau guztiagatik, ezinbestekoa deritzogu egungo baldintzetarako tresna eraginkorrak sustatu eta antolatzea.